Descripción de DEUS
Printze aske eta hilezkorrak baikara, artez arte, Araconga biniloa belarrien artean, gabon eta urtats gaupasen bitartean, Olentzeroren begi gorri itsuen atzean, Perurenaren «Gaur ez da deustan pentsatzen, deustan sinesten ez delakotz» esaldia garunaren ertzean, betirako zintzilikaturik, Willis Drummond taldearen «Dena idaztekoa da» karrika ezezagun hotz gorriaren haize-boladan, betirako zintzilikaturik, Basho japoniarraren haiku ezabaezina, «Ez dago deusik / hildako hostoak metatzen dira / eta dena ihesi joan da», betirako zintzilikaturik, Gaztelumendiren «Gaur egun lana deitzen diote esklabo izateari» loop baten errepikakortasunean, betirako zintzilikaturik, Borgesen «Gaitzeztea eta laudatzea operazio sentimentalak dira» ahaztezinean, betirako zintzilikaturik, neguko ilargiaren azpian, Shikiren zuhaitzen itzal mugikortasunean, artez arte, esku zulatutik joaten zaigun bizi iheskorrara arte, printze aske eta hilezkorrak baikara, betirako zintzilikaturik, printze aske hilezkorrak baikara.